Aste interesgarria izango zen dagoeneko joan zaigun hau hainbat lekutan. Lakuan, EITBren egoitzatan, Gurutzetako edo Donostia ospitaleetan, unibertsitate publikoan... Leku horietan, agintariak nork ezartzen dituen badakigu: agintean dagoenak. Eta erkidegoan joandako hamarraldietan nork agindu duen ere badakigu. Triste eta burumakur egongo ziren aste honetan bulegoetan, aspaldiko belarrondokorik handientsuena hartu baitzuten joan zen igandean.
Erakunde horietako langile asko aldiz —hauteskunde sindikalen emaitzei begiratu besterik ez dago— irabazle sentituko ziren igandean, aspaldiko belarrondokorik handiena emanda. Niri interesgarria iruditzen zaidana da batzuek poza eta besteek tristura nola kudeatu duten jakitea. Tristura eta kezka nori azaldu ahal izan dizkio erdi-mailako karguak?, eta noren aurrean saiatu da ezkutatzen? Nori azaleratu dizkio poza eta itxaropena langileak?, eta noren aurrean, badaezpada, bere golkorako gorde behar izan ditu?
Eta inongotzat ez dauzkatenei azaldu ahal izan diete kezka, tristura, poza eta esperantza? Batzuentzat zein besteentzat gutar ez diren horiek, aste honetan, lantokiko korridoreetan, kafe-makinan, otordu sasoian... ongi pasatuko zuten segur aski, guztiz pasotak ez badira.
HITZ ETZANAK
Pozak eta penak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu