andoni egana

Poloniarrak

2025eko martxoaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nikolas Koperniko ikasle bikaina zen Krakoviako Unibertsitatean. Baina otu ere ez zitzaion egin Bolonia, Padua edo Ferrarako unibertsitatera joatea. Are gutxiago Erromara. Han latina eta italiera ziren nagusi, eta guztiok dakigu hizkuntzek talentuei mugak jartzen dizkietela. Nikolas gaztea han geratu zen, Krakovian, eta horregatik, oraindik uste dugu eguzkia dela gure jiran dabilena.

Gerra piztera zihoala bazekien, baina Frederick Chopin Varsovian geratu zen. Ez zen Vienara joan kontzertuak ematera. Are gutxiago Paris, Mallorca edo Londresera. Nola ba! Berea ez zen hizkuntzak hitz egiten zituzten leku horietan, eta guztiok dakigu hizkuntzak mugatzaile direla. Polonian geratu zen Chopin mazurkak egin eta mazurkak egin. Ez zaio beste lanik ezagutzen. Marie Sklodowska ere Varsovian geratu zen. Ez zen sekula Parisera eta Sorbonara iritsi. Ez zen sekula Marie Curie izan eta ez zuen Nobel saririk merezi izan. Nola joango zen ba Frantziara, han frantsesez mintzo ziren eta! Karol Wojtyla ere beldurturik Wadowicen geratu zen, inoiz Joan Paulo II.a aita santua izateko asmorik gabe…

Kanpoko talentua erakartzeko euskara mugatzaile eta hesi dela esan berri du Anton Arriola Kutxabank-eko presidenteak. Adibidetzat, euskararen erruz etorri nahiko ez lukeen langile poloniar bat jarri du. Tesia negargarria da. Adibidea, barregarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.