Demagun Euskadiko Orkestrak amaitu duela Poloniako jira. Arrakastaz eskaini ditu bere kontzertuak Varsovian, Krakovian, Katowicen... Iritsi da itzultzeko tenorea, Frédéric Chopin aireportuan hegazkina hartzeko ordua. Demagun bidaiaren arduradunak ezusteko handia izan duela bidaiarien kontaduria burutzen hasi denean. Zazpi falta dira. Zazpi. Musika-notak adina. Lo hartuko zutela pentsatu dute hasieran. Hasi dira deika. Erantzunik ez. Hasi dira bila. Falta. Luzatu da itxaronaldia. Arrastorik ez. Azkenean, zazpi musikariak han utzita abiatu dira Euskal Herrirantz, zer gertatu den ulertu ezinik.
Demagun hautsak harrotu dituela zazpi musikarien faltak. Urkullu lehendakariak prentsaurreko bat eman du egoera kezkagarria azalduz. Esan du Ertzaintza lanean hasia dagoela, bahiketa kasu bat balitz ere.
Demagun zazpi musikariek idazki bat eman dutela argitara. «Agiri hau ez da lasai zaitezten, kezka zaitezten baizik» aitortuz hasten da. «Gurea kultur exilio borondatezkotzat jo daiteke», segitzen du. Esaten dute ez dela diru kontua, ez lan-baldintzena. «Hemen, kalean, okindegian, tabernan... biolin jole edo piano jole garela azaltzean, jendeak begirunez eta miresmenez hartzen gaitu. Norrago gara hemen han baino. Horregatik erabaki dugu...».
HITZ ETZANAK
Polonian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu