Agintariena publikoa izaten den bezala, langileena ezkutu samarrean pasatzen da. Baina aste honen hasiera berezia izan da Erkidegoko hainbat eta hainbat bulegotan. Plazak hartzearen data heldu da, eta horrek desplazatu mordoa eragin du. Desplazatua: toki batean zegoena eta beste batera bidali dutena. Bakoitzak bere lantokian agur-saioren bat antolatuko zuen badoanaren omenez. Hamaiketakoa, lore-sorta bat, diskurtsoren bat, lo egindako bertsoren bat... Ez dago jakiterik aste honen hasieran zenbat lore-sorta banatu diren, baina 400, 600, 800... izan daitezke. Eta desplazatua gauza bat da eta plazagabetua bestea. Agur esan behar izan duten horien arteko batzuk beste sailen batera joango ziren; beste asko, kalera. Eta badakigu horrek zer dakarren: ziurgabetasuna, bizimodua zalantzan jartzea, ezina...
Plazagabetu horiek gogoan, astearteko berripaper honen lehen orriko argazkiak harrapatu ninduen. Errepide zabal-zabal bat. Eta zortzi errei, lau norabide bakoitzerako. Zortzi erreietan autoak trumilka —Erkidegoan lore-sortak adina gutxienez— norabide bakarrean. Denak Libano hegoaldetik Beirut aldera ihesean. Plazagabetuak haiek ere. Gure drama txikiekin alderatuz tragedia handi bat.
Bertsolariok, funtzionarioek eta idi-pareek plazatan neurtzen dugu bizimodua. Hiruretatik bat galtzera doala dirudi...