andoni egana

Pizteko

2024ko ekainaren 5a
05:00
Entzun

Askotan, espero ez duzun lekuetan aurkituko duzu kondentsazio poetikoa. Jabetuko zara ala ez. Baina testuren batean egon daiteke zerbait apurtzailea, besteetatik desberdin bihurtzen duena.

Batxilergoko testu liburuetan jarriko nukeen kantu bat da Isabelita. Garai batean oso kantatua. Oso herrikoia. Reggaeton hitz asko baino matxistagoa du hasiera. Isabelitari zerbitzatzen jartzeko agindu, irabaziak niri eman diezazkidan. Puf! Baina gero dator kondentsazio poetikoaren zatia: «para tabaco, para café, para cerillas... para encender». Beti erakarri izan du esaldiak nire arreta. Eta irribarrea ostu izan dit. Zerrenda bat baita itxuraz gramatikaren arauei men egiten diena. Baina ez da hala. Euskarara ekarriko bagenu aisa antzemango genioke: «tabakotarako, kafetarako, poxpolotarako... pizteko». Eta horrelaxe lortzen da esanindarra zerrendetan. A, A, A... B egitean datza gakoa.

EH Bilduk europar hauteskundeetarako atera duen txartelari begira egon natzaio. Ez zuen asko falta sailekoa izateko, eta, aldiz, ona da. Franco, Abascal, Netanyahu... eta Milei. Gainerakoak bezala argentinarra zutik agertuko balitz, ez luke txartelak duen indarraren erdirik. Baina Milei makurtuta ageri da, apurtzaile, motozerra martxan duela. Bera da zerrendako pizteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.