Behobia eta Donostia arteko korrikaldia gaur. Berrogeita hamazortzigarren edizioa. Ia hogeita hamar mila lagun lasterka. Ikuskizun polita.
Piratatasunarekin omen du zerikusia aurtengo lasterkaldiak. Hala iragarri dute, eta hala azaltzen da nonbait elastikoetan ere. Ongi. Ez daukat ezer kontra. Baina ematen dit zer pentsatua. Gizartearen mehetze eta umetzearekin zerikusirik baduela esango nuke. Piratak? Pirata benetakoagoak izan nahi? Hona ideia xume batzuk:
Ez azaldu zuen korrikakideen hitzordura eta ez abisurik eman. Geratu ohean lo lasai eta ez telefonorik hartu deika hasten direnean; ez dortsala ordaindu. Topatu moduren bat antolakuntzari ziria sartzekoa; trenez hurbiltzen bazara Behobiara, saltatu geltokiko tornoa; autoz bazoaz, autobideko peajean ordaintzeari uko egin eta kilometrotako auto-ilarak sortu; lasterketa amaitzen baduzu, Parte Zaharreko tabernaren batean orga bat egin, hurrena ordaindu gabe alde egiteko modurik ez duzunean nahikoa kenduko dizute eta; ez deitu etxekoei iritsi zarela eta ondo zaudela jakinarazteko; deitu nagusiari, amona hil zaizula —seigarrenez— eta bihar lantokira azaltzerik ez daukazula esanez; bukatu ostean sagardotegiren batera joaten bazara, hautsi errukirik gabe, edalontziren batzuk…
HITZ ETZANAK
Piratak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu