andoni egana

Penaz

2024ko uztailaren 23a
05:00
Entzun

Behin baino gehiagotan entzun nion laurogeitaka urte zituen emakume hari samurtasunik batere gabeko sententzia hura: «Niri, jada, ez dit inork penarik ematen». Eta lurrera begira geratzen zen luzaroan. Ezagutu berria nuen, eta estreinakoz entzutean harritu egin ninduen esaldiaren gogorrak. Bere ingurukoek azalpena eman zidaten ez nezan pentsa emakume bihozgabea zenik. Aspaldi, bilobarik zaharrena galdu zuela, nerabe zela, etxe-istripu tonto batean...

Lurrera begira sumatu dugu laurogeitaka urteko gizonezkoa ere. Luzaroan. Badu arrazoirik berak ere «niri, jada, ez dit inork penarik ematen» esateko. Duela 50 urte, izan ere, 30 urte zituela, kamioi batek txikitu zituen bere emaztea eta alaba txikiaren biziak. Beste bi haurrak, mutikoak biak, larriki zauritu zituen. Erietxeko gela batean egin zuen senatari kargua hartzeko zina lehen aldi hartan. Joe Biden ditu izen-deiturak.

Bizitzak ez nau ni hainbeste jipoitu zorionez. Eta pena eman dit gizonak, duela urte batzuk emakume haren begiradak eman zidan bezalaxe. Adinaren kontua izan daiteke. Nire adinarena. Nolanahi ere, guretik mundua kontatzeko erak bilatzen ari garenez, topatu dut gertatua laburbiltzen duen esaldia: «Hortzordeekin ezin da (h)agintari izan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.