Pazientzia bada, edo bazen behintzat, kontzeptu bat etxeko heziketan behin eta berriz aipatzen zena. Pokopaxientzi deitzen zioten, ume zela, nire lagun bati gurasoek. Mugitua izango zen, presatia, gozakaitza, egonarri gutxikoa. «Nire pazientzia ahitzen ari duk, e!» izaten zen gurasoen mehatxu tipikoa...
Pazientziak eta denborak lotura zuzen-zuzena dute. Ez da harritzekoa, beraz, hitzaren erroa latinean aurkitzea. Pati-k sufritu esan nahi zuen latinez. Pazientzia horixe da: aztoramendu handirik gabe, gustuko ez den egoera bat jasaten jakitea. Edo letorkeenaren promespean, gauden-gaudenean konformatzen jakitea. Edo luzarorako den lan erraldoi bati ekiterakoan derrigor behar den dohaina. Paciente deitzen zaio gazteleraz gaixoari ere...
«Pazientzia» hitza behin baino gehiagotan azaleratu zuen Xavier Kazaubon Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko presidenteak atzo berripaper honek ekarritako elkarrizketan euskal selekzioaren aldeko aldarriaz galdetzean. Zertan eta euskal izena eta izana bere dituen kirol batean norbere identitatearekin jokatu ezin bada, ez zait desegokia iruditzen pokopaxientxi samarrak izatea. Ez dago beti gustuko ez den egoera bat jasaten ibili beharrik. Letorkeenaren promespean ito egingo gara bestela.
HITZ ETZANAK
Pazientzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu