andoni egana

Partila

2025eko urtarrilaren 11
05:00
Entzun

Gure etxean beti partila deitu izan zaio. Taldean bildutako edozeren banaketari —sosak, fruituak, sariak…— deitzen zaio partila. Partila egitea da banaketa egitea. Itsas arrantzan izango du jatorria… Eta partila egitean, helburua izaten zen, beti, gutxienez besteei adina tokatzea. Gutxiagorekin geratzea ez zen bidezkoa. Txirrita ere, ume zela, zakar kexatu zitzaien gurasoei, anaiari eta berari gutxiago eman zietelako: «Gure etxean sartu dira sei sardina; nik ez det topatutzen justizi berdina. Guretzako bana eta zuentzako bina, gutxienez behar gendun bana ta erdina».

Espainiaren menpeko lurretara iristen diren adin urriko migranteen partila egitea proposatu zioten gobernuari Kanaria irletako presidenteak eta Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariak. Asoziazio bitxia iruditu zitzaidan. Eta are bitxiagoa partilaren proposamena. Pertsonez ari ziren, hasteko. Eta, gainera, sumatzen da erregularizatze eskaera horren hondo-hondoan zer dagoen. Izan dadila banaketa juxtua, eta ea niri besteei baino gehiago ez zaidan tokatzen. Izatekotan, gutxiago. Txirritarenaren kontrakoa. Erdikak kontatzen hastea baino ez zaigu falta zurion nagusitasuna noraino heltzen den erakusteko.

Badirudi Espainiako Gobernuak aintzat hartuko duela proposamena. Alde nagoen? Ez dakit. Aurka zein dauden jakiteak —PP eta Vox— asko laguntzen du alde egoteko garaian…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.