Olinpiar Jokoak zerbait handi eta desberdina direla diote bertan parte hartzen duten kirolariek. Kirol gehienetako izar eta ez hain izarrak batera elkarbizitzen edo. Ederra izan behar du horrek berean soilik murgilduta bizitzera ohitua dagoenarentzat. Telebistaz begira egoteko ere tentazioa sortzen dute, urte sasoia bera hain da patxadatsua hala nahi izanez gero!
Halere, onar dezagun hainbat ikasle belaunaldirentzat ez dela Olinpiar Jokoena munduan den kirol jardueretan funtsezkoena. Selektibitatea edo baxoa. Unibertsitate urteak. Eta azterketak. Beti azterketak. Eta ikasi beharra. Eta ikasten hasteko nagia. Orduan egokitzen zen pare-parean ikasleok hain preziatua genuen kirol ekitaldia. Roland Garros! Kirolzale edo teniszale ez bazinen ere, telebistari begira jarriko zinen, bi minutu, momentutxo bat, berriz gelara joan eta ikasten hasi aurretik. Bi minutu lau bihurtzen ziren eta lau, zortzi. Partidan sartu-sartu egiten zinen jokalariak txinatar txar bat eta txekiar txepel bat baziren ere. Azkenerako, bost set nahiago hiru edo lau baino. Bertan Paris!
Prokrastinatzen bagenekien hitza asmatu baino lehen ere. Humanoa iruditzen zait oso. Ikasle garaian Roland Garros ez zuela inoiz ikusi dioenaz ez naiz guztiz fio. Aginte postuetan igual egongo da gainera...