andoni egana

Otsoa

2025eko martxoaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Injenioa. Pindarra. Ez du mundua aldatuko baina une labur zoriontsu bat eskainiko dizu. Nondik datorren? Ez dakigu. Segur aski, sormen kontu gehienak bezala, bila ibiltzetik. 

Inauteriek behar lukete injenioaren erreinu. Ez da beti hala gertatzen. Ikusten dituzu nonahi, dendan alokatu edo erositako mozorroz goitik beheraino jantzitakoak. Nekez lapurtuko dizute horrelakoek irribarrerik. Beste batzuk badira, ordea, txispazo bat noiz helduko zain-zain egon, eta gutxiagorekin askoz gehiago lortzen asmatzen dutenak. Injenio hutsa ez da berez gaien muinera iritsiko; ez du erabateko argudiorik emango injenioak. Baina ertz ugari dituzten eztabaidagaiak plazaratzeko balio izango du. Horietako kasu batekin egin dute topo nire begiek inauteri asteburu honetan. Mozorroak mozorro, kuadrilla batekoek zeramaten pankartak eman dit atentzioa. «Otsorik gabe ipuinik ez!» zioen. Animaliazalez mozorroturiko talde batena izango zen. Bikaina ateraldia! Literatura eskolatan erakusteko modukoa. Ongi metonimizatu dute ipuinen arlo zabala, otsora ekarriz. Eta ongi nahastu dute hori gero otsoaren afera serioarekin…

Injenioak badu ordea alde bat ahulxeagoa. Beti uzten dio ate zirrikitu bat zabalik beste pindartsuren bati. Hurrengo urtean, litekeena da nekazari-talde bat edo ateratzea, honako pankarta honekin: «Ipuinik ez otsoarekin!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.