Ez dut inoiz bat aurrez aurre ikusi. Dokumental eta filmetan bai sarri. Otsoak badu halako izaera bat, umetan ikararazi egiten gintuena eta gerora miresmen tankerako zerbait sortzen diguna, hain aparte ere ez ibili arren etxekotzea lortu ez dugun animalia delako segur aski. Guk eskas dugun askatasuna du hark ezaugarri. «Otso bakarti» deitzen diote orain, bere kabuz eta antolakuntza orotatik at, atentaturen bat prestatu edo burutu duenari.
Pedro Sanchez Espainiako Presidentearen aurkako atentatua egin nahi zuela eta, pertsona bat atxilotu zuten joan zen irailean. Orain jakin dugu. Hedabideek bere ezaugarri batzuk eman dituzte aditzera: gizonezkoa, ultramaratoilaria, alkate frankista baten semea, txakur-jabea, bakarrik bizi dena, armazalea, kataluniarra... Eta askotan egiten dudan ariketa bat eginez harrapatu dut neure burua. Zazpi ezaugarritatik bat eta erdi edo konpartitzen ditugu. Bat eta erdi baino ez. Ondo. Lasaitu egin naiz.
Nire baitan ere badagokeen otsoari baitiot beldurrik handiena; nirekin daramadan oilo-bustiari; nire arditasunari; nire baitako oilarrari... Norbait, nonbait, handiren bat egiten sumatzen dudanean ni neu ere ez nagoela harengandik hain urrun sinestetik abiatzen ikasi dut denboraren poderioz...
HITZ ETZANAK
Otso
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu