«Dagokionari dagokiona erantsiko bagenio, zehatz eta beti, zerga oro iraultzailea litzateke», entzun nuen behin. Baina ez da horrelakorik gertatzen. Izugarri dutenei gutxi kentzen zaie eta gutxi dutenei izugarri. Horregatik, zerga hitza entzun orduko edonork muzinduko du musajea. Ez dago argi zerk behar lukeen norberarena eta zerk guztiona. Eta norberarenari eusten ikasi izan dugu beti hemen. Ez letorke gaizki, batxilergoan edo, aste batzuetan zehar zergei buruzko ikasgai batzuk ematea, hasieratik norabidea argi dezagun...
Nirearen eta guztionaren arteko mugak bereizten hasteko, adibide ona litzateke Joxe Lasarena. Joan zen ostegun eguerdian elkartu ziren Legorretan sei lagun, herrikideen arteko otordu bat egitera. Duela mende erdi torturatuak izan ziren sei herritar ziren. Eusko Jaurlaritzak biktima gisan aitortu ditu seiak, eta Joxe Lasak kalte ordain ekonomikoa ere jaso du. «Diru hori denena jotzen dut nik, ez nirea bakarrik». Ikuspegi horretatik abiatuta, berak gonbidatu ditu beste bost lagunak. Biltzea, berriketaldi bat egitea, bizipenak transmititzea... garrantzitsua da. Huskeria dirudi gonbitarenak. Ez da hain huskeria.
Gurean hedatuen dagoen joera bestea baita, kontrakoa. Guztiona dena norberetzat hartu, aukerarik txikiena sortzen bada.