Gaztetan ikasi nuen. Zerbait antolatu, egin, eta eginaren berri eman behar denean —berdin dio udaleko zinegotzi taldea, eskolako gurasoena edo hedabide mordoxka den parean duzuna—, erne ibili beharra dago. Antolatua ongi irten baldin bada, ez duzu jendaurreko jarduera ongi prestatuko. Zertarako, ongi irten bada? Hortik dator arriskua. Egingo duzu balorazio aurkezpen geza bat, orain motel gero totel, eta parekoak geratuko dira antolatu zenuena erdipurdi irten zen ustearekin.
Aldiz, zerbait antolatu eta gaizki edo erdipurdi irten bada, jendaurrean kontuak azaltzeko garairako ongi baino hobeto prestatuko duzu jarduna, zuriketaldia. Neurtuko dituzu hitzak; balizko galderen erantzuna golkoan eramango duzu; garunean takoiak dituzula joango zara bilerara. Eta aurrean dagoenak pentsatuko du antolatu zenuena bikain irten zela.
Informazioa pilatu eta pilatu egiten zaigun jendarte honetan horrelatsu funtzionatzen dugu. Atzoko egunkarian, esaterako, Joe Biden azaltzen zitzaigun bere agintaldia «historikotzat» joz. Ea nork esaten dion ezetz! Zuk, egiari zor, ez dakizu agintaldi oso ona, ona, erdipurdikoa edo txarra izan den. Baina ez zara gai neurtzeko. Neurgailu zehatzik gabeko jardueretan beti gertatzen zaizu gauza bera balorazioa hain baikorra denean. Akaso, gaizki irten zelako esan digute ongi irten dela.