andoni egana

Oso atzetik

2025eko martxoaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Baziren pare bat aste birusari txisteekin aurre egiten zitzaiola. Gasteiztik kanpokoek sortua: «Txagorritxun zabaldu dela birusa? Ez dago kuidadorik. Gasteiztik irteten guri autoz adina kostatzen bazaio, lasai ibil gaitezke». Realzaleena, orduan gol gutxi sartzen zuen Athleticeko jokalari bati buruz: «Lasai. Birus hori Iñaki Wiiliamsen antzekoa da. Oso azkar mugitzen da, arriskutsua dirudi, baina ez da hain eraginkorra».

Txantxa joera hura bizkor joan zen. Duela bost urte, larunbatez, goizean atera ahal izan ginen. Arratsaldetik aurrera ez. Etxean sartuta begiratu behar izan genion munduan gertatzen ari zenari. Gure norezinari adituen noraeza eranstean, egoera ez zen samurra. Aitortu egiten zuten adituek atzetik zebiltzala, ezin izan ziotela egoerari eta birusaren hedapenari aurre hartu. Asko zekitenek gutxi bazekiten, gutxi genekienak ez genbiltzan ongi. Iltzatuta geratu zitzaidan orduko «atzetik gabiltza» aitorpena.

Birusa ez zen ikusten. Begiratu likitsak ikusi egiten dira; begirada izutuak ere bai. Marc Ailletek, Baionako apezpikuak, hala erantzun dio Biarnoko eskola katoliko batean behin eta berriz bortxatu zuten Arnaud Gallais ikasle ohiaren salaketari. Orain jabetu dela abusuen dramaz. Orain arte ez? Oso atzetik dabiltzala aitortu zuen, nahi ala ez. Eta atzetik dabiltzanez, merezi lukete itxialdi bat, luzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.