Txiki-txiki eginda nengoen igande goizez. Oinak gehiegi erabili, eta hankak mugitzeko alferrez. Pantailan nenbilen beraz, noragabean. Eta horrelakoetan gertatzen denez, ez dakizula, topo egingo duzu atentzioa emango dizun orriren batekin. Euskaltelen blog orriak egin zidan jauzi begietara. Erkidegoko eta Nafarroako jai herrikoiak agertzen ziren, eta horien tartean Santa Ageda eskea…
Santa Ageda bezperari hiru eguneko aurrea hartu, eta larunbatez Lasao auzoan santa eskean arituak ginen. Goizeko bederatzietatik iluntzeko bederatzietara. Horrexegatik iruditu zitzaidan arras paradoxikoa! Euskaltelen izaeraren funtsa eta zuntza da, bertaraino joan gabe, urrutikoa hurbiltzea; santa eskea kontrakoa da. Bertaraino joan. Atarira, atera, sukalderaino askotan… Alde handia dago batetik bestera. Orrian folklore soiltzat joko genukeena, ibilian kultura bihurtzen da. Jardun artistikoarengatik, taldearen genero eta adinartekotasunarengatik… eta «hankak lokatzetan» askotan aipatua, behingoz egia delako.
Etorkizun hurbilean, punturen batean, bi ikuspegiek bat egingo dute ordea. Irudikatzen dut poltsero-rik gabeko santa eske bat. Eskukada bat paper-muttur baino ez arduradunak. Eta koplariaren agur kopla, honen tankerakoren bat: «Eskatzea ez, ematea da/ gaur dugun eginkizuna/ hor duzu gure zenbakia ta/ egin zaiguzu bizuma».