Dauden tokian daudela, Lazkao Txikik berak atera du gaia adarjotzaile. Eta gainerako bertsolariek kontra egin diete gogor Joxe Mielen hitzei: «Zuek baino handiagotzat geratu nauk ni betirako. Zuei bustoa egin zizueten. Niri gorputz osoko irudia. Arrazoi nuen nire txikian hankak lurreraino iristen zitzaizkidala esaten nuenean ere!».
«Gastu gutxi huelako egin hinduten hi goitik beherainokoa!» bota dio Uztapidek. Basarri, Lasarte, Pedro Maria Otaño, Balendin Enbeita, Pello Errota… bat etorri dira. Lazkao Txikik Mattin seinalatu du hatzaz: «Horrek ere nik adina gastu izango zian, baina bustoarekin konformatu behar izan zian!». Ahetzekoak ez du deus erantzun. Isilaldi baten ondoren, Basarrik ekin dio zirika: «Iparragirre eta biok bakarrik zarete gorputz osoko irudia duzuenak, eta hura ez huen bertsolari-bertsolaria…». Lazkao Txiki isildu da orain. Xenpelarri irribarre bihurria loratu zaio…
Inork espero ez zuela, Udarregik hartu du hitza. Ez busto eta ez gorputz osoko. Beretzat, oroitarririk ederrenak azalekoa atzendu eta muinari heltzen diotenak direla. Berari eskainia bezalakoak… Abstraktuak-edo deitzen dietela. Harrituta utzi ditu kideak, eta azken epaia eman du: «Bestela, Azpeitian labanderarekin gertatu dena gertatzeko arriskua dago».