Egunsenti polita atzokoa. Argi zirrinta laranjak eta ubelak Kukuarri aldean. Udaberriaz aritu ginen gosari garaian. Hiru aste barru datorren ordu aldaketaz. Betiko zalantza: ordubete gehiago ala gutxiago izango dugu lotarako? Gero... egunkaria zabaldu nuen.
Batxilergo eskola guztietan eskaini behar liokete Gazari astebete oso-osoa. Geografiaren talaiatik bada zer ikasia; zibilizazio eta herrien Historia ere izan daiteke aztergai; Arteaz eta Literaturaz hitz egiteko, berriz, aski dute atzoko BERRIAren 16. eta 17. orriak erabiltzea. Bada argazki bat han, Haitham Imadena, non ama bat agertzen den hildako ume bikiak —zapi zuritan txit hotz— besarkatuz. Halako begiradarik gutxitan ikusi izan dut. Hezur-haragizko Pietá bat. Eta Literaturan, berriz, Atef Abu Saif idazleak —bizirik dago! Kezkaturik nengoen ni ere!— amaginarrebaren heriotza kontatzen duen pasartea irakurriko nieke ikasleei. Orri bakarrean laburbiltzen du zer den ezina, mina, etsipena, injustizia eta, ondorioz, bakea eta atsedena desio izatea, betirakoak badira ere.
Ordu aldaketa soilak ez lieke batere eragingo palestinarrei. Bizia bera hain une oro eta hain kolokan jartzen dizutenean, egunsentiak ez dira egunsenti eta ilunabarrak ere ez ilunabar. Egunabarrak eta ilunsentiak dira.