andoni egana

Oraindik ere...

2025eko martxoaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ahaztu ez. Baina bai atzendu. Hilabete eta erdiko kontua izan da. Orain, dena da Trump eta Putin. Dena da Ukraina. Dena Europar Batasunaren norabidea. Eta Gazakoa ahaztua ez, baina atzendua daukagu. 

Igandeko berripaper honek Hitz gutxitan sailean zekarren albistea: Bederatzi palestinar hil ditu Israelek Gazan. «Oraindik ere bai?», pentsatuko zuen nik bezalaxe beste askok. Dirudienez, oraindik ere bai, nahiz su etena urtarrilaren 19an hasi zen. Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, Al-Khair fundazioko kideak eta lau kazetari dira hildakoak. «Batzuk kazetariak gainera!», pentsatuko zuen askok nik bezalaxe. Baina alferrik da. Fokua beste norabait eraman digute eta oso gara ahanzkorrak.

Badugu inguruan alzheimerrak jotako pertsona bat, telebistaren aurrean orduak ematen dituena. Ukrainako gerra hasi zenean, konturatu ginen, egunero hasten zela gerra beretzat, eta egunero hartzen zuela min. Gazako irudiekin, gauza bera. Egunero berri, egunero pairamena. Eta berdin gertatu zaio Valentziako uholdeekin ere. Bosgarren egunean ere lehenengoan adinako pena. Gogorra izan behar du mina egunero berritze horrek. Baina ez dakit ba, denboran zehar luzatzen diren triskantzen aurrean ez den egoera justuagoa beraiena. Burua ongi dugunak aisa erortzen gara ahanzturan; ahanzten dutenei egunero berritzen zaie egoeraren latza…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.