andoni egana

Odol gorra

2025eko urtarrilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Italiako hegoaldera, Calabriara joan ginen lau bertsolari 2009ko uztailean, bat-bateko kantu inprobisatuari buruzko jardunaldi batzuetan parte hartzera. Gonbidatu egin gintuzten, eta gu joan. Ez genuen lur-hartze erraza izan. Hegaldiren bat galdu eta gauerdian iritsi ginen. Gosea. Eta ezustekoa. Jardunaldietan parte hartzen zuten erdiak edo, gorrak ziren. Jardunaldien izenburuko parole-ri erreparatu genion guk, baina segno ere han zegoen…

«Odol gorra» aipatzen zuten atzo, elkarrizketa batean, Itziar Agirrebarrena eta Jose Enrike Zeberiok, Isiltasunetik dokumentaleko protagonistek. «Marokoko keinu hizkuntza eta Euskal Herrikoa ez dira berdinak, baina odol gorrarena ez da hizkuntza kontua bakarrik… Odol gorrak esan nahi du anaia bat bezala sentitzen duzula, odol berekoak izango bagina bezala».

Italiako hego aldean eman genituen lau-bost egun haietan egokituz joan ginen. Ikasi genuen gor italiarrentzat euskalduna adierazteko modua txapelaren keinua egitea dela; frantziarra adierazteko, oilarrarena; Milan, berriz, Duomo katedralaren orratz ugarien imintzioa eginez adierazten da. Hasieran, espero ez genuenarekin topo egitean, odola izoztu zitzaigun. Gero, igurtziaren igurtziz, gortu egin zitzaigula esan genezake orain. Eraman ez genuenaren neurriko sentiberatasun bat ekarri genuen itzuleran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.