andoni egana

Norantz?

2024ko azaroaren 16a
05:00
Entzun

Artelan bat. Argazki bat, zehazki. Kamera etxeko gela baten barruan jarria dago. Leiho handi bat enfokatzen du, parez pare zabalik dagoena. Kanpoan egun-argi da. Leihoan pertsona bat dago. Baina leihoari bizkarra emanda. Besoak bularrean antxumaturik, asper-asper egindakoaren aurpegiz, barrurantz begira ari da, kamerari, kanpokoak eskaintzen dionaz ezaxola.

Barrurantz begiratzeko leihotzat hartzen du askok Internet. Sakelakoan, ordenagailuan… munduari begiratu ordez, geure buruari begiratzen diogu. Hau egin dut; han izan naiz; hura jan dut. Zertarako jakin nahi duzu Parvaneh Kazemi Irango mendizale profesionala eta mendiko gidaria nor den, atzo zure Elgoibarko lagunak Markinako terraza batean garagardo bat nola hartzen duen ikus badezakezu?

ETB1eko Biba zuek! saioan pertsonaia ezkutuaren jolasa egiten dut aurten astean behin. Pertsonaia bat aukeratzen dut —euskalduna zein ez, bizirik dagoena zein ez, fikziozkoa zein ez…— eta aurkezleek eta gonbidatuek asmatu egin behar dute nor den, galdera-erantzunen bidez. Sacamantecas, Marie Curie, Gabriel Aresti, Nadia Comaneci, Urtain… izan dira orain arteko pertsonaia ezkutu horietako batzuk. Kalean, gazte batek baino gehiagok esan dit oso pertsonaia zailak direla. Ez dituztela asmatzen, ezagutu ere egiten ez dituztelako. Leihotik barrurantz begiratzearen ajeak…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.