Ez da erraza izango artista entzutetsu baten ondorengoa izatea. Berdin dit diren seme-alaba, biloba, birbiloba... Irudi-eskubideak, balizko irabaziak, artelanaren egoera eta gainerakoak kudeatu beharra ez dakit den pagotxa ala zigorra. Parisen gertatuak jokoz kanpo harrapatu nau...
Badakizue edozein festak festa berak baino bi-hiru-lau egun gehiago irauten duela. Paisaiaz ari naiz. Gure herri eta auzoetan jaiak amaitu ondoren, zintzilikako banderatxo eta gainerakoak han geratzen dira antolatzaileek jasotzea erabakitzen duten arte. Ulertzekoa. Ajepean ez zara eskailera batera igoko. Eta gainera, aztarnak oroitzapenari laguntzen dio. Ze egun ederrak izan diren jaietakoak, zeinen ongi antolatua dena, zeinen ongi ibili garen... Ni ez nau festaondoko paisaiak inoiz molestatu izan. Ez da, itxura denez, denen kasua. Gustave Eiffelen ondorengoek Parisko Udalari eskaera argia egin zioten: joan zirela Olinpiar Jokoak, joan zirela Paralinpiar Jokoak ere, eta kentzeko Eiffel Dorrean zintzilikaturiko bost uztaiak. Dorreak horixe baino sinbologia zabalagoa duela.
Asteburu honetan kendu dituzte. Ez da ederra izango horrelako kontuekin kezkaturik bizi beharra! Gainera, Parisko Erakusketa Unibertsalerako egin zuten dorre hura, erakusketa amaitzearekin eraitsi izan balute, orain ondorengoek ez zuketen lanik izango deus kudeatzen.