andoni egana

Nire kontuak

2025eko otsailaren 9a
05:00
Entzun

Analisietarako zahato hondoko bikea baino txarragoa naiz. Nik al dakit zer gertatu den Aitor Esteban eta Andoni Ortuzarren afera honetan? Miresten dut, hori bai, 1985-1986ko krisi hartatik hona jeltzaleek erakutsi duten erresilientzia gaitasuna. Oker-oker eginda daudenean ere ez dira puskatzen, eta usterik gutxienean bere onera itzultzeko kemena ateratzen dute nonbaitetik. Duela urtebete Urkullu lehendakaria eta orain Ortuzar, biak alboko atetik irten diren irudiarekin geratu gara, eta ez dituela inork atzekotik irtetera behartu.

Analisietan txarra naiz eta komunikazioan erabat atzendua nago. Ez dut alderdikiderik eta sare sozialik ere ez. Baina banitu, ez nieke batzuei nire erabakiaren berri besteen bidez emango. Jo nazazue trogloditatzat. Ez dut gaizki hartuko.

Neureetatik abiatzen naizelako edo, hobea naiz analisietan eta komunikazioan baino gizon-emakumeon ahuleziak ulertzen. Eta gaizki iruditzen zait Espainiak Belgikan zuen enbaxadorea kargugabetu izana. Mihi gaiztoek diote Albares ministroaren hitzaldi batean lo hartu zuela eta bideo batek jaso zituela une hartako irudiak. «Esna egon beste lanik ez eta!», pentsatuko du batek baino gehiagok. Nik ulertzen dut enbaxadorearen kuluxkarena. Beste agintari askorenak bezala, Albares ministroaren sermoi batek aho zabalik baino gehiagotan utziko zaitu aho zabalka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.