Jostailu saltzaileentzat ere ezustekoa izan omen da. Gabe geratu dira. Eskuetatik kendu omen dizkiete zeuzkatenak. Gertatzen da jostailuekin. Oraintxe daude purian, gero ez, eta usterik gutxienean berriz ere izar bihurtzen dira. Kanikek, zibek, diaboloek, patinek... erakutsi digute izaera gorabeheratsu hori.
Tamagotchien txanda da orain. Duela 26 urte heldu ziren gurera. Nobedadea. Esku ahurrean kabitzen zen maskota birtual bat, norberak zaindu beharrekoa. Jaten eman, loa zelatatu, osasunerako behar zuena eskaini, zoriontsu izan zedin gutiziaren bat eskaini... Betidanik panpinekin egin zena, baina garaiko teknologiak ahalbidetzen zuen neurrian, monitorizatua. Orain, mende laurden presati hau igaro ondoren, pentsatzekoa da tamagotchiek asko eboluzionatu dutela. Hasierakoak baino funtzio gehiago eta zehatzagoak izango dituzte...
Jakin ostean edonor da jakintsu, baina suposatzekoa zen jostailu honen bigarren olatua helduko zela. Maskota eta birtuala. Eta batik bat, nirea. Azken mende laurdenean gehientsuen indartu diren balioak, edozeri balio deitzea zilegi bada. Nire niniko nipona. Eta 25 urte hauetan gizarteak aurrera egin ordez haurrera egin duela aintzat hartuz, akaso helduok hasiko gara orain tamagotchiak zaintzen.
HITZ ETZANAK
Ninikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu