Pandemiaren eragina laburbiltzeko esaldia: Horrenbeste musuko; horren musu gutxi. Musukoak ugaldu ahala urritudira musuak. Izaera nolakoa, batzuek gutxiago, gehiago besteek, gehienok sumatuko genuen azken urtebete honetan musu falta.
Nazioarteko egun izendatzen dituzten horiek umore-iturri agorrezin dira niretzat. Zerrenda irakurtze hutsak sekulako grazia egiten dit, batik bat, handi-txikiak nahasten dituztelako, kontu larriak eta kontu hutsalak: Katuaren Nazioarteko Eguna; soldata berdintasunarena; hondartzena; kroketarena; autorik gabekoa… Horrela, Panda gorriaren Nazioarteko Eguna dela esaten dizutenean, ez dakizu seguru autoaz edo animaliaz ari diren. Zerrendari begira konturatu naiz, gainera, egun berean ospatzen direla Bakearen Eguna eta Alzheimerrarena... Bataz akordatu ahala, bestearen eraginez, ahaztu.
Nazioartera irten behar izan dut musua oso euskalduna dela konturatzeko. Zatituta dago musua ere. Bi nazioarteko egun ditu musuak. Hurbiltzen ari da Musuaren Nazioarteko Eguna. Apirilaren 13an ospatzen da eta Thailandian egiten den musu-iraupen lehiaketa bat du jatorri. Baina uztailaren 6an ospatzen da Musu Ostuaren Nazioarteko Eguna. Ez dut iruzkinik egiteko asmorik. Datuak eman nahi nizkizuen. Besterik gabe. Musu-truk.

HITZ ETZANAK
Musuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu