andoni egana
HITZ ETZANAK

Mirra

2018ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Urrea, Errege zelako; intsentsua, Jainko zelako; eta mirra, pertsona ere bazelako. Horregatik eraman omen zizkioten hiru opari horiek Errege Magoek jaioberriari Belengo estalpera. Baina izango zuten opariok garai hartako mugikortasun zailtasunekin zerikusirik ere. Inguruan ez zeukan zerbait ekarriko zioten behin ekialdetik etortzen hasita. Tuterako senitartekoak ez dira Lekeitiora saskikada bat txitxarro hartuta bisitan joango…

Atzera begiratzen jarri eta grazia egiten du, esaterako, nabigazio balentriarik handienetakoak, zer eta espeziak ekartzeko egin izanak. Bakailao bila Ternuaraino joatea ulertzekoa da, baina munduari bira ematea piper-hautsa, kominoa, azafraia edo banilla eskura edukitzearren! Eta bixigarri edo goxagarri soilengatik egin zituzten sarraskiak egin zituztela sinestea ere! Zer pentsatua ematen du, halaber, garai batean gatza ekoizteko gai zenak inguruan aberastasun handiko guneak sortzen zituela jakiteak. Timbuktun, gatzari esker, espaloiak ere urrezkoak zirela esaten zen Parisen miresmenez eta inbidiaz… Zoaz orain!

Urte batzuk barru, harridura eta burlaize bertsuaz begiratuko diote egungoari. «XX. mendean, eta XXI.enean, petrolioarengatik egin zituztenak egitea ere!», esango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.