andoni egana

Milia

2024ko abenduaren 27a
05:00
Entzun

Banengoen ba ni! Zalantza nuen erromatarrek hanka oso luzeak zituzten edo sandalia izugarriak. Erromatarren milia 1.481 metro baitzen, euren 1.000 pauso. Ez zitzaidan konturik ateratzen. Jakin nuen arte, erromatarrek pausotzat jotzen zutela guk bi pausotzat hartzen duguna. Ziklo osoa, alegia. Eta orduan bai...

Atletismotik ikasi genuen lehorreko milia zenbat zen. Kilometro t´erdi pasa. Eta arraunetik, bazela itsas-milia ere, lehorrekoa baino berrehun metro gehiago zituena. Gerora hasi ginen entzuten, Madrilen bazela «urrezko milia» deitzen zioten tarte bat, non jatetxe, taberna, denda eta gainerako inon baino luxuzkoagoak diren. Eta «milia berdea» ere ezagutu genuen, heriotza zigorrera kondenatuek iragan beharrekoa, film entzutetsu bati esker.

Orain, atzoko egunkari honen aleko azken orrialdean, Dani Ruizek, Txita proiektuaren sortzaile eta kudeatzaileak, «azken milia»-ren berri eman digu. Milia honek ez du neurri zehatzik baina aisa uler daiteke zertaz ari den. Kutsadura handia sortzen duten autoei hiriguneetarako sarbidea galaraziko zaien honetan, banaketa lanetan ari direnei salbuespen maila ematen zaie. Eta furgoneta, kamioi eta gainerako ez dira gutxien kutsatzen dutenak. Gunetik kanpora utzi furgonetak, eta autoz bezain bizkor bana daitezke bizikletaz banatu beharrekoak. Ideia ona da. Ea milia honek bide egiten duen!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.