andoni egana

Mila

2024ko azaroaren 19a
05:00
Entzun

Alaitz eta Maiderrek kantatzen zuten: «Bost mila bostehun egun, bost mila bostehun gau…», preso eta hurbildu ezinik zegoenaren egoeraren luzea azpimarratuz. Hainbeste egun/hainbeste gau. Zifra konkretua erantsiz gero, indarra hartzen zuen kontrasteak. Aztixeago ibili zen Joaquín Sabina. Kontraste bertsua erabili zuen maitearen faltak zenbateraino erasan zion azaltzeko. Baina esaldia logikaren aurka bihurritzea aski izan zuen esanindar handiagoa lortzeko. Maitea ahanztea kosta zitzaion, hemeretzi egun eta…bostehun gau!   

Gaur bete dira mila egun Errusia eta Ukrainaren arteko azken gatazka piztu zenetik. Mila egun. Zenbaitentzat asko izango da; zenbaitentzat ez hainbeste. Askok gogoan atzendua eduki dezake, ordutik hona ez baita kontu larririk falta izan. Israeldarren oldarraldi bortitza Gazan, larrialdi klimatikoaren aztarna nabarmenak Valentzian… Azken egunotan berriz ekarri dute lehen lerrora Ukraina eta Errusiaren artekoa. Joe Bidenek irteeran atea danbateko batez itxi nahi du nonbait, eta Kievi baimena eman dio iritsiera luzeko misilak erabil ditzan errusiarren aurka. Geopolitikaz ezer gutxi dakigunok kezkaturik begiratzen diogu AEB, Ukraina, Errusia, Txina, Ipar Korea eta enparauen arteko xextra honi.

Guk dakiguna da mila egun direla. Mila egun eta… mila eta bat gau izan zitezkeen ipuina balitz. Tamalez, ez da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.