Ez dirudi, baina eskerrak ematearenak badu bere zera. Orain, are gehiago. Itxialdi garaietan lanean ari zenari esker ona azaltzeko beharra sentitu genuen, ordura arte baino sakonago. «Eskerrik asko» ez zen formula soila estankoan, botikan edo janari-dendan zerbitzatzen ari zitzaizunarekiko. Benetako eskerra agertu nahia bihurtu zen. Eta esango nuke sentiberatasun apur bat duenari orduko begiradak iraun egiten diola.
Mila modu ditugu euskaldunok eskerrak emateko, nork bere lurraldean. Baina bada bat naturala bezain bitxia gertatzen zaidana. «Mertzi» askok eta askotan esaten dugu. Ez dakik noiztik datorren joera. Ez dakit zenbat eta mendebalderago orduan eta ohitura txikiago den ere. Badakit ordea zertarako balio duen mertzi-k. Eskerrak emateko modu bat da, gehiegi nabarmendu gabe. Mesedea handia ez denean, eskerrik asko borobila gehitxo eta isiltasuna gutxitxo denean, orduan baliatzen dugu mertzi.
Eskerrik laburtu eta belarri-erasotzailea dabil orain purian. Ez naiz purista, baina esamoldeak laburtzen hasita hain sen gutxi izatea ere! Eta erne EITBri esker modan ipini den mila-mila esker! jai-alai hori entzuten duzuenean. Bera kobratzen arituko da, eta zuek ez. Horrexegatik sentitzen du milari beste mila erantsi beharra.

HITZ ETZANAK
Mila esker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu