Beste hizkuntza bat gehiago da euskara, tamalez, askorentzat, gaur egun. Asko jota, curriculumean erantsita ongi geratzen den zerbait baino ez. Baina hizkuntzek pentsamendua ere moldatu egiten digute, begirada bera baldintzatzen diguten unetik.
Duela bederatziren bat urte, Txindokiko gailurrean zegoen zutabe baten gainean mendizale baten irudia jartzea otu zitzaion Joxe Mari Lizaso oriotarrari. Altzairuz egin, eta xafla igo zuen Ñañarriren punturik goreneraino, han kokatzeko. Gure inguruan hain sustraitua dagoen mendizaletasunari omenaldia egiteko modu bat omen zen beretzat. Mendi-makiletan tinkatu eta Aralar aldeko pentzeetara, urrunera, begira zegoen mendizale baten irudia zen, bere bisera eta bizkar-zorro. Irudi errealista baina bolumen nabarmenegirik gabea. Gizonezkoa? Emakumezkoa? Auskalo. Propio ezaugarri markaturik gabe egina? Ez dakit. Hori egileak baino ez dezake jakin. Egun batetik bestera, nork daki nola, irudi hura falta izan zen Txindokiren gailurretik.
Orain, haren tankerako beste bat kokatu dute leku berean. Erdarazko hedabide batean irakurri nuen albistea eta irudia ikusi. Aski nire begirada baldintzatzeko. «El montañero de la cima del Txindoki…» Gizonezkoa ikusi nuen, derrigor. «Txindokiren gailurreko mendizalea…» irakurri izan banu, ez niokeen generorik erantsiko. Ezta beharrik ere!