Asier Altuna zinemagilea eta biok Habanan genbiltzan, Bertsolari filma aurkeztera joanda. Ohituak geunden jendearen kaleko eskera. Baina pasieran genbiltzan batean, gu baino pauso batzuk aurrerago zihoan gizonezkoari atzeko sakelatik paper bat erori zitzaion. Pausoa bixitu, eta itzuli egin genion. Haren esker on hitzak! Graziak ikusi genuen papertxoa nola erori zitzaion! Paper haren baitan zetzan bere etorkizuna. Lanpostu baterako helbidea zeraman apuntatuta eta… Zorro batetik atera, eta preserbatibo-sorta bana oparitu zigun. Gu mutu. Agurtu eta urrats batzuk egin orduko jiratu zen, ordea. Lana aurkitu bitartean bazituela bere gabeziak, ume txiki bat ere bazuela, esnea behar zuela hark… eta ea ez geneukan txanponen bat sobratuta…
Eman egin genion, merezi zuen eta. Pertsona hobeak sentitu ginen une batez; inozoagoak ere bai. Eta gure sormenari eragin zion. Asier segituan hasi zen etorkizunerako gidoi bat izan zitekeenaz. Pertsona eta tranpa. Oteitzak zioenez ehizarako tranpei arte deitzen zitzaiela…
Medina, el estafador de famosos deritzan serie bat grabatu berri dute Prime Videorentzat. Iruzurgilearen teknika, habanarraren oso antzekoa. Eta bitartean, inguruko aurrezki kutxek zorionak bidaltzen dizkizute helbide elektronikora zure urtebetetze egunez, ez piper eta ez grazia. Landu gehixeago lapurreta, kontxo!