Izan dugun maskota bakarra etxera heltzearekin, oso argi geneukan ze izen jarriko genion. Lejarretazaleak ginen, eta katu beltz hura Marino izango zen. Ados geunden lau anai-arrebak. Baina bizitza jolas eta joko dela, eta ez ginen konformatu izena zuzenean jartzearekin. Urte sasoi hau zen. Hurrengo igandean zen jokatzekoa Munduko Txirrindularitza Txapelketa. Sasoian zegoen Lejarreta. Ongi zihoakion ibilbidea. Ia seguru geunden irabazi egingo zuela. Horregatik erabaki genuen katuari mundiala irabazten zuen txirrindulariaren izena jarriko geniola. Ez zen arrisku handia! Hartara, ez zen gure gutizia soila izango, omenaldi moduko bat baizik. Iritsi zen igandea. Astelehenetik Greg Lemond deitzen hasi ginen katuari...
Ez zegokion izenarekin bizi izateko ez zuen bizimodu txarra izan Lemondek. Oso kaleko, auzoko ume guztien jostailu bihurtu zen. Libre ibiltzen zen. Askeegi akaso. Etxe ondoan pasatzen zen trenak harrapatuta hil zen gizarajoa.
Trumpen hitzak entzunda etorri zaizkit gogora katua eta trena. Ni baino argitasun handiagoa du inondik ere estatubatuar dirudunak. Askotan idatzi eta kantatu izan dut abiadura handiko trena den burugabekeriaz. Zukutu ditut garunak. Aurkitu ditut, ustez, argudioak. Baina sekula ez zait otu hain argudio sakon eta distiratsurik. Erne trenarekin! Gure maskotak hiltzen ditu.