Aita-semeak lehen aldiz joan ziren futbol-zelai handi batera, hiriburura. Sei urteko mutikoa han zegoen, partidari eta ingurukoei begira, adi. Halako batean, aita berotu egin zen eta oihu egin zion marrazainari. Ergela deitu zion. Sasikumea ere bai. Amaitu zen partida, itzuli ziren etxera, eta amak haurrari galdetu zion ea zer moduz joan zen irtenaldia. «Ondo», erantzun zion haurrak. «Baina aita pixka bat haserretu egin da, eta gizonari linier deitu dio». Ergel, sasikume eta gainerakoak ezagunak zitzaizkion. Beste hitz hura zitzaion berri...
Marrazain hartaz gogoratu nintzen, atzo, berripaper honetako lehen orrian «Judas Iskariote» irakurri nuenean. Hala deitu zion nonbait Cristina Ibarrolak, Iruñeko alkate ohiak, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari.
Haur hari linier bezain arrotz gertatuko zaio ni baino gazteagoko asko eta askori Judas Iskariote. Antonomasiekin jokatzeak arrisku hori du. Zaharkitua gera daiteke eredua. Autoan oso bizkor ibiltzen dena ez da jada Fittipaldi. Indartsua edo indar-ustekoa ez da Errekartetxo eta ezta Perurena ere dagoeneko. Iraganik ilunenean ainguratua geratu da Ibarrola. Zelaiaren erdigunean egon nahi zuen, erabakiak berak hartuz, eta orain marrazain izatearekin askietsi beharko du.