Martin Fiz maratoilariari egindako elkarrizketa batean irakurri genuen. Bitxia iruditu zitzaigun. Horregatik galdetu zidan lehengoan lagun maratoizale batek: «Hi ere bisera botata egongo haiz honezkero?».
Elkarrizketa hartan, Martin Fizi galdetu zioten ea zergatik beti buruan bisera zuela abiatzen zen. «Hogeita hamabost edo hogeita hamaseigarren kilometroan bota ahal izateko», erantzun zuen. Akituta zoazenean, dena berdina denean, bukaera hurbil bezain urrun sumatzen duzunean... egiteko zerbait izateak indar zaitzakeela zioen gasteiztarrak. Hogeita hamahirugarren kilometroan «laster botako dut bisera» pentsatzeak arnasa emango zion; hogeita hamazortzigarrenean «bisera bota dut eta bertan dut helmuga» pentsatzeak zer esanik ez. Bakoitzak ditu bere trukoak...
Maratoiaren parekoa dela lan-bizitza esan zidan adiskideak. Berrogeita bi kilometro; berrogeita bi urte lanean. Eta biserarekin zegoen tematua. Bisera mordoa ikusten zuela bide-bazterretan. Baina horrek ez zigula asko lagunduko. Helmuga atzeratu eta atzeratu ari direla gobernuak. Eta ez dela tortura okerragorik, helmuga leku batean espero eta aurrerago dagoela jakitea baino. «Gainera, behin bisera bota dugunok, helmugan gehiago pentsatzen diagu proiektuan baino», eman zidan epai etsia.
HITZ ETZANAK
Maratoia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu