andoni egana

Makilaz jo

2025eko apirilaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

AEBetan, New Hampshire estatuko herri batean, 1965eko azaroaren 9an, arratsaldeko bostak eta laurden aldera, eskolatik irten eta zeregin jakinik gabe zebilen 11 urteko ume batek makila batekin kale-farola bat jo zuen gerri-gerrian. Ñirñirka hasi zen farola une batez. Eta handik gutxira erabat itzali zen. Baina ez farola hura bakarrik. Kaleko farola guztiak itzali ziren. Eta etxeetako argiak. Eta semaforoak. Eta… Afalordurako bazekiten New York osoa eta inguruko kostaldeko hiri guztiak argirik gabe geratu zirela. Umeak mizkin jokatu zuen afalorduan. Malko lodi batzuk irristatu zitzaizkion gero, eta, azkenik, gurasoei aitortu zien errua berea zela, berak utzi zituela milioika pertsona argindarrik gabe, farola makilaz jo zuelako. 

New York Times egunkariak eman zuen mutikoaren istorioaren berri. Segur aski, arrazionalizazio ariketa bat izango zen, bolo-bolo zabaldu baitziren itzalaldiaren errudunei buruzko teoriak. Lurra bereganatu nahi zuten martetarrak izan ziren batzuentzat; askorentzat, AEBek Vietnamera tropak bidali izanaren mendeku sobietarra. Gerora jakin zen Kanadan sorturiko argindar sarearen akats bat izan zela…

Itzalaldiak Iberiar penintsula jo duen honetan, laster hasiko gara edonolako teoriak entzuten. Niri, makilaz farola jo eta mundua dantzan jar dezakeen umearena izugarri gustatzen zait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.