Igande iluntzean zortzietako berriak Euskadi Irratian. Zuzeneko konexioa Donostiako helmugan zegoen kazetariarekin. Jardun luze samarra. Hitzik errepikatuena, «zoragarria». Elkarrizketa laburrak etapa bukaera ikustera joandako herritarrei. Emozioa. Hunkidura. Ondoren, Eneko Goia Donostiako alkatearen hitzak. «Zoragarria» berriz ere. Kirol emaitzei buruzko hitzik ere ez. Nik, ordu horretan, doi-doi nekien etapa garailearen izena. Txirrindularitza zalea izaki, gehixeago jakin nahi nuen. Ez alferrik! Ni nenbilen berandu...
Aitor dezagun aurtengo Tourreko bigarren etaparen garailea guztiz logikoa izan dela. Cofidis bat. Diru-mailegu etxea da Cofidis. «Egizu telefono dei bat eta eskura izango dituzu sosak». Tourraren hasiera honek transakzio komertzial itxura handitxoa hartu du. Tourrak erakusleiho bat mailegatu digu eta gu itsu-itsuan sartu gara eragiketan. Sartuko ez ginen, bada! Erakusleiho batean nekez agertuko da gurea baino paisaje eta paisanaje ederragorik!
Zoragarria izan da. Hunkigarria. Hunkituko ez zara, bada, zure etxe atariko biribilgunea mundu osoak ikusi ahal izan duela jakinda! Geurearekin hunkitze honekin ez dakit noraino iritsi behar dugun. Laster, norbaitek, poema bat edo abesti bat eskainiko dio bere mankomunitateari.
HITZ ETZANAK
Mailegua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu