Quinoren pertsonaiaz gain besterik bazenik ere ez nenkien. Baina Mafalda zuen izena, Savoiako printzesaren omenez jarria. Itsasontzi handia zen, garaiko berrikuntza guztien jabe. Genovatik Buenos Aireserako zeharkaldia egiten zuen. 1927an, Brasilgo itsasertzetik gertu, hondoratu egin zen. Zeramatzan 1.200 lagunetatik herenek bizia galdu zuten. Ordura arte hego-hemisferioan gertaturiko istripurik handiena. Mafalda transatlantiko honi Titanic italiarra deitu zioten, egoerarik makurrenean ere aliterazio batek arnas apur bat eskain dezakeela frogatuz.
1927 hartan, Victor Manuel III.a erregea txotxongilo huts, Mussolinik agintzen zuen. Diktadurapean, italiar langileen bizi-baldintzak latzak ziren oso. Estualdi hartatik atera nahian, bizimodu hobe baten bila Argentinara joatea otu zitzaion askori. Haien artean zen, gurasoekin batera, 19 urteko Mario Jose deituriko gazte bat. Mafalda hartzekoak ziren, baina, azken orduan, aski dirurik ez, eta bidaia-txartelak erosi ezinda geratu ziren. Lasaitu galanta hartuko zuten ontziari zer gertatu zitzaion jakitean…
Pasadizoak ez zukeen apartekotik ezer, gazte haren deitura Bergoglio izan ez balitz. Handik bi urtera heldu zen Buenos Airesera. Familia osatu zuen jatorri italiarreko emakume batekin. Semerik zaharrena aita santu izatera helduko zen. Guztiok gara kasualitateen fruitu…