Beisbola da betidanik harritu izan nauten kiroletariko bat. Ez jokoarengatik, iraupenarengatik baizik. Beisbolaren iraupenean ez du kronometroak agintzen. Egin beharreko lan batzuk badira, eta haiek burutu arte ez da partida amaitzen. Jokoan, 18ren bat minutu ematen dituzte batez beste. Partidek, ordea, hiru ordutik gorako iraupena izaten dute.
Ez nau harritzen kirol horrek Kuban duen atxikimenduak. Han denbora bestelakoa da. Bai, ordea, AEBetan sortzen duen zaletasunak. Presaren eta estresaren paradigmatzat daukagun herrialdean noiz bukatuko den ez dakiten zerbaitek halako zaletasuna sortzea! Egia da azken urteetan egin dituztela joko-arauetan aldaketaren batzuk partiden luzapena mugatze aldera, baina halere…
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalari buruz, askok esan dit kalean, ederra izan zela. Eta luzea izan zela ere bai. Bost ordutik gora bertara joan ziren gehienentzat; ia bost ordu etxetik segi zutenentzat. Luze izatea eta luze egitea bi gauza dira, ordea. Egosaldi bat eman beharko diogu herrialdeetako bertso-finalen iraupenaren honi. Daudenean utzi? Sei bertsolaritara mugatu? Andoni eta Aner entzun gabe geratuko ginatekeen kasu honetan, eta kolore handia galduko zukeen finalak. Goiz eta arratsalde jarri? Logistika gastu handia eskatzen dio horrek doanari. Ez dakit… Iradokizun oro ongi etorria izango da.