Duela hilabete, Gipuzkoako bertsolari txapelketaren baitan, Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Aner Euzkitzeri jarritako gaia: «Bikotea zarete. Oro har, kezkatzen zarete ingurumenaz. Orain arte oporretara urrutira joan izan zarete. Aurten, Mantxik hegazkinik ez zenuketela hartu behar proposatu du. Euzkitze ez dator bat».
Garaian garaiko gaiak. Ongi. Ez dut bikoterik ezagutzen oporretarako jomuga erabakitzerakoan hegazkinek ingurumenean sortzen duten sarraskia hain aintzat hartzen duenik, baina izan izango dira. Eta espero dut aurrerantzean gehiago izatea, eztabaida hori ohiko bihurtzeraino. Baina batzuk mundua irauli nahian gabiltzan bitartean…
Atzo jakin genuen. Hondarribiko aireportura iristen den hegazkin pribatuen kopuruak gora egin du berriz ere. Pandemia aurreko datuak txiki utzi omen dituzte. Gutxi-gehiago hegazkin pribatu bat iristen da eguneko Hondarribira. Gehienera, sei-zazpi bidaiari. Luxua. Azkartasuna. Itxaron beharrik eza. Ahal dute eta egin egiten dute. Sakelan ez dute minik sentituko baina ingurumenari min ematen diote. Umetan, maiz egoten ginen hondartzan edo mendian etzanda, hegazkinek utzitako lorratzei begira. Legegintzarako eskumenik banu, hegazkin pribatuen lorratza zurixka izan ordez gorrixka izatea behartuko nuke. Aurpegieran sumatzen ez zaien lotsa, izan dezatela beti segika salatari.