andoni egana

Lokatza

2024ko maiatzaren 5a
05:00
Entzun

Amorragarria da lokatza askotan. Mendizaleak ezagutzen ditu herri inguruko lokatz-lekuak, eta haietan ez pasatzen saiatuko da. Euria egin berritan lokatz xeheak oinetakoak bustiko dizkizu; euria egin zaharragoa bada, eta lokatza aski lehortu ez, oinetakoen zolan itsatsiko zaizu puska baterako. Lokatzak oinak tinkatzea galarazi eta irristada eragiten du. Baina lokatzak berak ere bizia du, eta irrist egiten badaki. Mugitu egiten da...

Garai batean, lokatz metaforikoa gehi bat zen politikan, artegintzan, hezkuntzan... ari zen edonorentzat. «Oinak lokatzetan dituela ari da», esaten zen ideien jasotasun hutsean geratzen ez zenarengatik, orpoz orpo lan egiten zekienarengatik, lanik esker txarrekoenak ere bere gain hartzen zituenarengatik. Lorea zen lokatz hura. 

Erabat aldatu da orain, ordea, lokatzetan jardutearen zentzua. Gutxiesle bihurtu da bat-batean. Lokatza azpijokoen, gezurren eta iruzurren sinonimo da egun. Alberto Nuñez Feijóo, Partidu Popularreko presidentearen hitzak dira: «Sánchezek asmatu du lokatza sortzeko makina». Begirune handiagoa zor zaio lokatzari! Segur aski Feijóok ez du jakingo bere herri inguruko mendietako lokatz-lekuen berri. Itxura denez, mendi-bueltak baino nahiago ditu yatean eginak. Ni ere hasia nago lokatza sortzen...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.