andoni egana

Loaz

2024ko urriaren 9a
05:00
Entzun

Kexu zen atzo Goizalde Landabaso bere zutabean. Auskalo nork, auskalo nondik eta auskalo zer saltzeko gauaren erdian telefonoz deitzen duten horiek zituen mintzagai. Ni ere amorrarazi egiten naute «ni ez naiz nor zure etxean sartzeko» garai bateko esaldi elizkoia «ni banaiz nor zure etxean saltzeko» egungo esaldi hiperkapitalistaren truk ordezkatu duten horiek. 

Zorte handia izan genuen guk umetan. Irakasle on asko egokitu zen gure jiran. Horietako bat, Imanol Urbieta. Ezagunak dira Imanolek hezkuntza arloan egindako ekarpenak. Kantuak sortu ehunka, haur bakoitzari gara zedin tresnak eskaini, motrizitatea landu jolasean, gelakideen elkarbizitzari garrantzia eman… Giro onean hezi gintuzten. Tupustaldiak ere sortzen ziren, ordea, noizbehinka. 

Gau hartakoa beti izango dut gogoan. Udako bidaia luze haietako batean, Bartzelonan geunden, komentu bateko sarrera-gelako zorua genuen lotarako leku. Lokartzeko garaia heldu zen eta gutariko batzuk ez geunden lotarako. Jiji eta jaja hasi ginen. Isiltzeko Imanolek. Guk segi. Isiltzeko berriz Imanolek. Segi guk, nerabe. Eta Imanol benetan haserretu zitzaigun orduan. Gogoan iltzatuta geratu zitzaidan ze esaldi bota zigun, petralduta: «Besteren loa sakratua da!». Bost silaba eta bost silaba. Bertso hasiera perfektua. Desorduetan deitzen duten horiei kantuan erantzungo diet aurrerantzean…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.