andoni egana

Liburu hura

2024ko urtarrilaren 18a
05:00
Entzun

Norbaitek, nonbait, noizbait... eman zigun haren berri. Ez dut gogoan nork, noiz, non. Irakaskuntza araututik eta familia esparrutik kanpo izango zen. Hitzaldiren batean? Erdi ezkutuko bileraren batean? Lagunen baten senide zaharragoak aholkatuko zigun? Ahoz aho zebilen zerbait zen? Ez dakit... Dakidana da Franco hil ondorengo urte haiek ez zirela soilik kalea, borroka eta askatasun desira mugagabea izan. Garai hartan inola ere politikotzat joko ez genituzkeen liburuak ere jausi ziren gure eskuetan. Eta haiexek bilakatuko ziren, gerora, politikoenak.

Hamasei-hamazazpi urte nituela irakurri nuen Masters&Johnsonen sexualitateari buruzko liburu hura. Munduaz hainbeste eta zeure buruaz hain gutxi dakizun adin horretan euskarri egokiak aurkitu ahal izatea zorte handia da. Zor diot norbaiti nirea, edozein argazki edo film porno ikustera heldu baino lehen iritsi bainintzen liburu hura zukutzera.

Oraingo nerabe eta gazteek ez dute horrelako zorterik. Pornografiarako sarrera goiztiar eta erraza dute eta horrek bizitza oso baterako arrastoa utz dezake zenbaitengan. Arazoaren larriaz jabeturik, datorren astean dira erkidegoko bi mila irakasle jardunaldi batzuetan biltzekoak. Horietako batzuk Masters&Johnsonen liburua irakurriko zuten gaztetxotan...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.