Heriotza kontuekin gosaltzea ez da atsegina. Baina urtean egun bat bada horrelakorik ahalbidetzen duenik, gaurkoa da. Gogoan dut umetan, Jesukristo ostiral santuz gurutziltzatu zutela jakinean, eta arratsaldeko hiruretan gertatu zela kontatu zigutenez, anaia eta biok nola leihora hurbiltzen ginen, zerua bat-batean nola goibeltzen zen eta trumoi hotsek eta tximista argiek nola dena hartzen zuten ikustera. Baliteke urteren batean, egun horretan eta ordu horretantxe ilunaldiren bat egokitu izana ere, apirilak badaki ekaitzaro izaten eta. Baina esango nuke gurasoek urrunarazi egiten gintuztela haurrak leihotik, ez geniezaion Aste Santuari tranpa edo fikzio usainik txikiena ere suma. Eskerrak ez genuen artean ordu-eremuen berri. Bestela lauretan leihoratuko ginen, kalkuluak egin ondoren!
Baziren ertzen batzuk, kontatzen ziguten hura historia eta istorioen arteko zerbait zela pentsarazteko modukoak…
Istorioak ez aski kitzikagarri, orain puri-purian daudenak, true crime-ak dira. Egiazko krimenak. Morbozaleak gara. Atsegin zaigu, nonbait, pertsona noraino hel daitekeen ikustea. Gu hartaraino kirten ez garela frogatzeak lasaitu egiten gaitu. Begiak eskuaz tapatzen ditugu, baina hatzen artean zirrikituak utziz. Orain, lehen baino ere arrakasta handiagoa izango lukete Hamalau heriotzenak edo Jose de Tejeria-ren bertso sortek…