andoni egana
HITZ ETZANAK

Leherketa

2023ko apirilaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bat-batean, «aberatsak triste noiz egoten dira?» galdetu zion sei-zazpi urteko haurrak amari. Eta amak, ahal zuena erantzun zion. Haiek ere egongo direla triste tarteka. Diru gutxixeago edo gehixeago izateak ez zuela tristurarekin zerikusirik. Haiek ere negar egingo dutela barruan hustasuna edo inguruan falta sumatzen dutenean. Amaren lasaitasunerako, haurrak ez zion gehiago kalka, eta hortan geratu zen berriketaldia.

Ume haren galderaz akordatu nintzen aste honetan, Elon Musken espazio-ontzia lehertzen ikusi nuenean. Ikusgarria izan zen abiatu eta berehalaxe koheteak jo zuen danbatekoa. Hainbat denboraz prestaturiko tramankulua, bat-batean suzko bola erraldoi bihurtua. Baina egiazko sorpresa horren ondoren zetorren…

Kontrol-gelan zeuden ehunka pertsonaren irudiak ikusi ahal izan genituen. Espero izatekoa zen leherketaren ondoren burumakur eta etsita azaltzea. Ezta gutxiagorik ere! Txaloka eta bibaka ari ziren. Elon Musk berak SpaceX lantaldekoak zoriondu egin ditu, eta datozen probetarako eskarmentu hau baliagarri izango zaiela azpimarratu. Ez zen Laikarik espazio-ontzian. Ez zen lau txakur-txikiren kontua, milioika dolarrena baizik. Eta, halere, den-denak poz-pozik! Haurraren galderak ez du nonbait erantzun errazik…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.