andoni egana

Lehen paladak

2024ko ekainaren 27a
05:00
Entzun

Arrauna kirol gogorra iruditu izan zait beti. Gainerako karrera eta lasterketek ez duten ezaugarri bat badu: aurretik joatea abantaila da. Gainerakoetan —korrikan, txirrindularitzan...— ia hobe da buruan ez joan. Batetik, haize gutxiago jaten duzu, eta, bestetik, ikuspegi hobea duzu gertatzen ari denarekiko. Arraunean, atzeraka aurreratzen denez, aurretik doanak ikusten du atzekoa. Aurretik doana puztu egiten da; atzetik doana hustu. Horrexegatik, dena emanda irteten dira estropadaren burua nork hartuko. Gero, nagusiki, iraun.

Imanol Pradales lehendakaria arraunlari izandakoa da. Antzeman zitzaion gobernu berriaren osaketa ekitaldian kontseilariei zuzendu zitzaienean. Dena emanda irten zen. Ez beldurrik izateko hanka sartzeari; egin ezaren damua dela damuetan okerrena; izateko ausartak erabakiak hartzerakoan; ez galtzeko minutu bakar bat ere... Hasiera-hasieratik buruaren bila joatera ohitua dagoenaren estiloa, aurrekoarena baino suharragoa.

Hitzak hitz dira ordea, eta paladak palada. Oraingoz, esan daitekeena da eskifaia bitxia osatu dutela. Alderdi batekoek oso partiduko jendea sartu dute, eta bestekoek oso jende profesionala. Itxuraz, behintzat. Hasi baino ez dira egin. Ziaboga oso urruti suma daiteke, han, hodeiertzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.