Egoera aldatuz joan da. Gero eta preso politiko gutxiago dago kartzelan. Gero eta iheslari gehiago ari da Euskal Herrira itzultzen. Gero eta garrantzi handiagoa dute arreta modu eta sareek. Tunel luze baten irteerako argia sumatzen hasiak gaude. Testuinguru horretan eskatu zion Joseba Azkarragak Eusko Jaurlaritzari presoen irteera ahalbidetzeko «sortzaile» izan zedin. Ines Soria kartzela politiketarako Eusko Jaurlaritzaren aholkulariak erantzun dio: «ETAko presoen gizarteratzearen alde gaude, baina lege penala ezin da inoiz sortzailea izan».
Abagune polita da historian zehar legeari buruz botatako esaldi pindartsu batzuk gogora ekartzeko. Atenasko Solon: «Legeek badute amaraunen antza; ahula eta arina harrapatzen dute bere baitan baina azkarrak eta indartsuak hautsi egiten ditu». Otto von Bismark: «Legeekin gertatzen da saltxitxekin gertatzen dena: hobe da nola egiten diren ez ikusi». Montesquieu: «Alferrikako legeek premiazko direnak ahultzen dituzte». Edouard Rene Lefevre: «Lege guztiak pertsonarenganako konfiantzarik ezean oinarritzen dira. Bakar bat ere ez pertsonen dohainetan».
Legea ezin da sortzailea izan. Legegilea bai, ordea. Eta legea apailatzen duena, zer esanik ez. Ez dugu ba ezagutu, komenentziara, Ondarroatik Lekeitiorako errepidea baino gehiago bihurritu duten legerik!