andoni egana

Legatza

2024ko irailaren 24a
05:00
Entzun

Pazientzia gutxikoa ni, ez nintzen umetan askotan joan arrantzara, nahiz Kristoren gorputza lehen aldiz ahosabaian itsatsia sentitzearen truke, kanabera bat oparitu zidaten. Gogoan nuen, arrantzara joan izan nintzen aldi bakan haietan, harrapatzen nituen bakarrak mustuak zirela. Ez dakit ze arrain klase zen, baina ez zen jangarria. Trumilka ibiltzen ziren moila inguruan eta ni bezalako arrantzale traketsen amuei ere aisa heltzen zieten. Alferrikakoa zen mustuak harrapatzea, ordea. Mustu-legatzez ere hitz egiten zen moila inguru hartan. Izena bestearen tankerakoa izan arren, mustu-legatza jangarria zen. Nik... ez dut gogoan haietariko alerik ere etxera eramana.

Hizketagaia atera genuen batean, Xabier Alberdi herrikide itsas kontuetan adituak ireki zizkidan begiak. Mustua eta mustu-legatzarena ez da bereizketa kasu bakarra. Gure ingurunean, legatza eransten omen zaio, aurretik nahiz atzetik, jangarria denari: mustu-legatza, legatz-hamarra, legatz-aingira...

Huskeria dirudi, eta hala litzateke, ez balitz sorkuntzarako bide. Aurrerantzean, bereiz genitzake, esaterako, diputatua —Legebiltzarrera ganora handiegirik gabe joan eta egon baino egiten ez duena— eta diputatu-legatza, bere lanari serio heltzen diona. Bereiz genitzake ertzaina eta legatz-ertzaina, irakaslea eta irakasle-legatza, legatz-kazetaria eta kazetari soila...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.