andoni egana

Lau lagun

2025eko martxoaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gustura hartzen zuen, aisialdian eta lagunartean zebilenean, tragoskadaren bat. Hala esaten zigun: «Gaur tripan eraman dezaket alkohola, bizkarrean eraman beharrik ez dut eta!». Eta beste hurrupa bat egingo zuen. Nire lagun hori garraiolaria zen lanbidez. Azken urteetan, ibilbide jakinekoa izaten zuen. Nafarroan kamioiaren zisterna bete eta Mediterraneo aldera. Zisternan betetzen ziotena alkohola izaten zen, ordea. Alkohol hutsa, gero iritsiera lekuko lantegiren batean edari alkoholiko bihur zezaten. Tenple handiko gizona da, baina ikaraturik egoten nintzen ni bere ibilerez akordatzen nintzenero. Zeramana eramanda, edozein igurtzi leherketa zen; edozein ukitu, sute.

Asteazken goizaldeko berri lazgarria: lau garraiolari hil dira Fiteron, bi kamioik elkar jota. Ez bi. Lau. Txandaka gidatzen zutelako. Txandaka gidatuta kamioiak segi egiten duelako bere bidean. Baina ondoan doanak ez du behar bezala atsedenik hartzen… Argi dago nork estutzen duen eta nor den itotzen; nork irabazten duen eta nor den galtzaile.

Erreta bukatu zuen nire lagun garraiolariak. Azken urteetan lan-baldintzek txarrera egin zioten. Besteak beste, noizbait kobratu izan zuen arriskugarritasun saria ere kendu egin zion enpresak. Erreta zegoelako hartu zuen, ahalik eta azkarren, erretreta. Ordutik, bere inguruko askok kezka hori gabe egin izan dugu lo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.