Hirurogeita bost urte bete zituen eta lanera joan beharra dauka, halere, goizero. Uztailean bereziki gogorra gertatzen zaio lanera joan beharra. Jaiki, entzierroa ikusi, hondartzara joan... Baina ezin du horrelakorik egin. Eta ezin izango du hurrengo urte t´erdi pasatxoan. Legea lege baita. Eta indarrean dagoenak dio, berak, ezin izango duela erretiroa hartu ia hirurogeita zazpi urte bete arte.
Era batera hezi eta bestera bizitzea tokatu zaion emakumea da. Ortzi mugan familia bat osatu eta etxekoandre izatea, bizitza igaro ahala bestelako hautuak egin dituena. «Dependienta bat independientea izatea erabaki zuena», bere hitzetan. Gazterik utzi zituen ikasketak. Gazterik hasi zen lanean. Baina lan oro zen behin-behineko eta nolabaitekoa. Senitartekoen haurrak zaindu, ezagunen baten dendan zerbitzatzen aritu, norbaitentzat idazkari lanak egin... Noizbait, nonbait, ausartu zen nominan jar zezaten eskatzera. Ezetz erantzun zioten, eta ausartzeagatik kalerako bidea erakutsi.
Orain, garai hartako kotizazio urteak falta zaizkio. Min ematen diote gorputz atal gehienek. Eta halere joan egin behar. Lanera bidean txartel bat ikusi du: «Komertzio txikiek bizia ematen diote herriari». Herritarrei kentzen ere badakite. Noiztik da komertzioa hain-hain ona?