andoni egana

Kuadrilla

2024ko urriaren 19a
05:00
Entzun

Kanpoko edonori hemengo kuadrilla bat zer den azaltzeko garaian ez dugu beti egia esaten. «Eskolan hiru-lau urterekin elkarrekin egokitu, eta hileta egunera arte zure jiran ibiliko dela badakizun lagun talde hori da» izaten da azalpenik ohikoena. Ez da egia osoa…

Edonork daki, nerabe garaian batik bat, kuadrilletan zurrunbilo asko gertatzen dela. Izaten dira liderrak, taldekide xumeak, gregario hutsak, kuadrillakoak izan gabe ere inguruan dabiltzanak… Eta kuadrillak egiten dira hautsi batzuk, beste batzuk pitzatu, eraldatu gehienak... sartu-irtenen ondorioz. Ankerkeria ez baita derrigor helduaroan iristen den zerbait, mugimendu horiek askotan dira bidegabeak eta norbaitentzat mingarriak.

Demagun kuadrilla jakin batera elkartzen dela norbait, umeagoa delako edo ezaugarri desberdinak dituelako, molestagarri gertatzen dena zenbait unetan. Baina ezin dute haizea hartzera bidali. Halakoren anaia da; edo beste halakoren lehengusua. Demagun, badela beste bat, kuadrillan sartu nahian dabilena baina kuadrillakideengan errezeloak sortzen dituena. Liderrak azeri jokatu du. Esan dio sartu nahian dabilenari, enplasto zaien hori entretenitzen badu igande arratsaldero, datorren urtean kuadrillan sartzen utziko diotela. Kuadrilla, Europar Batasuna da; lidergoa hartu duena, Italia; enplastoa, migranteak; kuadrillan sartu nahi duena, Albania.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.